Talaia Feministak alternatiba feministak balioetsi ditu biolentzien gorakada eta sufrimendu emozional handiko garaiotan, eta berdintasun politika eraginkor eta eraldatzaileak galdegin ditu
Talaia Feminista Unea egin dute hainbat eremutako 180 emakume feminista eta subiranistak Bilbon, 2024ko dosierreko edukietan sakontzeko. Iazko koiuntura azterketa, Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoak, eta osasun mentala landu dituzte.
Bigarren urtez, Talaia Feminista Uneak ia 200 emakume feminista eta subiranista bildu ditu gaur, otsailak 1, Bilbon, EHUren Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean. 2024ko dosierreko edukiak landu dituzte: koiuntura, Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoak, eta osasun mentala. Esparru bakoitzaren argi-ilunak identifikatu dituzte, baita erronkak ere. Guztietan ere eraldaketa eragiteko xedez, ezinbestekotzat jo dute begirada eta praktika feminista integrala garatzea, apustu politiko eta bitarteko publikoak egitea, eta Euskal Herriaren burujabetzan sakontzea. Orain, dibulgazio eta interpelazioari ekingo diote, Euskal Herriaren trantsizio feministan eragiteko asmoz. Horretarako, Euskal Herriko erakunde publiko, eta eragile politiko eta sozialekin partekatuko dituzte ondorioak, trantsizio horretan subjektu aktibo izan daitezen.
Talde sustatzaileko kideek 2024. urteko dosierreko edukiak aurkeztu dituzte bi mahaingurutan. Lehenengoan, koiunturaren azterketa izan dute hizpide, eta argi adierazi dute: “Indarkeria areagotu egin da, modu esplizitu eta lotsagabeenetara joz, eta indarkeria inplizitu eta sinboliko mota berriak erabiliz”. Lau ardatzi erreparatu diote koiunturaren analisi hori egiterakoan: indarkeria matxistari, lurraldeari, gerra eta gatazka armatuei, eta eskuin muturrari. Guztietan identifikatu dituzte arrisku eta aukerak.
Indarkeria matxistaren kasuan, dosierraren ondorioek diote inpunitatea handitu egin dela, eta horrek segurtasun ezaren sentsazioa eragin dezakeela; eta mugimendu feministaren mobilizazio gaitasuna inoizko handiena dela. Lurraldeari so egitean, berriz, lurralde indarkeria salatu dute, eta krisi ekosozialari nola aurre egin modu demokratikoan eta planifikatuan eztabaidatzeko premia identifikatu dute; baita, halaber, lurra, bizitza eta gorputzak uztartuko dituen burujabetza ekofeminista baten alde borrokatzea ere. Gerra eta gatazka armatuak aztertzerakoan, haien hazkunde globala nabarmendu dute, baita diskurtso militaristena ere. Horren aurrean, beharrezkoa deritzote Euskal Herriko mobilizazio antimilitaristarako tradizioa eta aktibismo feminista berrartzea.
Eskuin muturraren kasuan, Europan izandako aurrerapen orokortua ekarri dute gogora, hauteskundeez harago. Horren aurrean, Euskal Herrian dagoen arkitektura soziopolitikoa zaintzeak izugarrizko garrantzia azpimarratu dute. Denarekin, biolentziak lau esparruotan izandako gorakada horren aurrean, baitezpadakotzat dute egon badiren erantzun eta erresistentziak indartzea eta metatzea, besteak beste, zigorgabetasuna salatu eta segurtasun ezaren sentsazioa erauzteko, eta indarkeria politizatzeko. Hori guztia, betiere, Euskal Herria, feminismoa eta haien genealogiak eta jakintzak ardatz izanik.
Berdintasun politika eta egitura publikoak
Bigarren mahainguruan, Euskal Herriko berdintasun politika eta egitura publikoak, eta osasun mentala jorratu dituzte. Lehenengoaren kasuan, argi ikusi dute Euskal Herrian ezberdintasun handiak daudela errealitate administratiboen artean, baita herrialdez herrialde eta tokian toki ere. Hego Euskal Herrian, 1980 eta 90eko hamarkadetan hasi ziren egiturak sortzen (aldiz, Ipar Euskal Herrian ez dago gaur-gaurkoz berariazko egitura edo sailik), eta XXI. mendean onartu ziren lehen legeak. Legeak sortuagatik, haiek garatzeko konpromiso politikoa eta baliabideak falta dira, dosierraren arabera. Berdintasun institutuei dagokienez ere (tartean, Emakunde eta NABI), haien eragiteko gaitasuna indartzeko bideak aztertu behar direla adierazi dute.
Talaia Feministaren arabera, mugimendu feministak izan du nahikoa gaitasun berdintasun politiken gaia agenda politikoan kokatzeko. Ordea, behin agenda izanik, eragiteko gaitasuna galdu izan du. Hala, 90eko hamarkadatik aurrera, feminista asko teknikari bihurtu ziren. Baina, aldi berean, mugimendu feministan, oro har, mesfidantza zabaldu zen. Horren aurrean, harremanak indartu behar direla iritzi diote, eta erakundeen erantzukizuna dela feminismoa eta mugimendu feminista entzun eta parte egitea.
Azterketaz gain, hiru proposamen zehatz ere mahaigaineratu ditu Talaiak: politika publikoen estrategia duala indartzea (alegia, berdintasun politika publikoak garatzeko berariazko politikak eta zeharkakotasunaren estrategia uztartzea); Euskal Herriko egiturak indartzeko estrategiak eta bitarteko publikoen biltegia eraikitzea (politika guztiak bildu eta partekatzeko markoa, baita erantzunkidetasuna bultzatzeko ere); eta feminismoaren eta eragile feministen papera eta interlokuzioa indartzeko Euskal Herri osoko ikuspegia izango duen behatoki autonomoa sortzea, ikuskatzeko, inpaktua neurtzeko eta ekarpena egiteko helburuz.
Osasun mentala
Osasun mentala jorratzerakoan, “gaixotu dugun mundu baten sintoma gara; aldi berean gaixotzen eta sufritzen dugu”, nabarmendu dute, baita horrek emakumeengan duen eragin agerikoa ere. Argudiatu dute datuek gizarte-arazo larri bat iradokitzen dutela, baina, aldi berean, soluzioak ez duela funtzionatzen erakusten dutela. Hala, premiazkotzat jo dute osasun mentala ikusezintasunetik ateratzea, baina ez patologizatuz, burua eta gorputza bereiziz, edo eredu biologizista bultzatuz, ezpada sufrimenduaren faktoreak aztertuz, arrazoi sozialei eta genero ardatzari arreta jarriz, eta, ikuspegi indibidualistaren aurrean, kolektiboa zentroan jarriz.
Egungo egoeraren atzean, sistemaren porrotarekin lotutako hainbat faktore identifikatu dituzte, hala nola prekarietate materiala eta segurtasun eza, eraikitako espektatiben eta errealitatearen arteko tentsioa, komunitate sentimendua ahultzen duen isolamendua, eta isiltasunak ezkutatutako indarkeria matxista. Horren aurrean, osasun mentalari buruzko ezagutza falta borrokatzera dei egin dute, eta itxaropena elikatzera modu kolektiboan. Horrekin batera, osasunaren ikuspegia sakonki aldatzea eta sistema publikoa indartzea ere ezinbestekotzat dute. Feminismoari ere luzatu diote deia, tartean, osasun mentalaren eta zaintzaren arteko loturak lantzera, osasun mentalaren eta indarkeriaren arteko loturan sakontzera. Eta, arazoa egiturazkoa izanik, osasun burujabetza eta buru-ardura ere markatu dute ortzi-mugatzat.
Mahainguru mamitsuen ondotik, hiru ardatzen araberako hainbat lantaldetan bildu eta gogoetatu dute Bilbon elkartutako dozenaka emakume feminista eta subiranistek. Haietan jasotako ekarpenekin aberastu dute 2024ko dosierra, eta horiek plenarioan partekatuz itxi dute 2025eko Talaia Feminista Unea. Euskal Herriaren trantsizio feministan eragiteko asmoz abiatutako bide kolektiboak egin du jadanik bi urteko ibilbidea, eta horretan jarraitzeko indar eta ilusioarekin ekingo dio orain interpelazio aldiari.