Talaia Feministak euskal jendarteari, erakundeei eta eragile sozialei zuzendutako gomendioekin biribildu du bere lehen dosierra
Talaia Feministako talde sustatzaileak 2023. urteko behin betiko dosierra, ondorio orokorrak eta gomendioak aurkeztu ditugu Donostian; aitortzak, salaketak, eskaerak eta proposamenak bildu ditugu, trantsizio feministaren norabidean eragiteko xedez.
Talaia Feminista 2023. urteko behin betiko dosierra aurkeztu dugu, baita urte horrek ikuspegi feminista eta subiranistatik utzitako ondorioak ere. Horiek kontuan hartuta, hainbat gomendio luzatu dizkiogu euskal jendarteari, erakundeei eta eragile sozialei; besteak beste, aitortza, salaketa, ardurak hartzea, antolakuntza eta begirada berriak izan dituzte hizpide. Gaur, martxoak 19, Jule Goikoetxea, Amaia Perez Orozco, Maider Barañano, Idoia Zengotitabengoa. Mirene Begiristain eta Aiora Epelde talde sustatzaileko kideok aurkeztu dizkiegu hedabideei eta eragile politiko, sozial eta sindikalei, EHUren Donostiako Campuseko liburutegian. Gogoeta eta gomendioak bertaratu ez diren erakunde eta eragile politiko, sozial eta ekonomikoei ere igorri dizkiegu, 2023ak emakumeengan izandako inpaktua azter dezaten.
Lehenik, dosierreko ardatzetan sakondu dugu: Greba Feminista Orokorra, euskararen aurkako oldarraldia, indarkeria matxista, eguraldiaren aldaketa, Abayaren debekua Frantzian eta bizitza garestitzea. Gero, ondorioak jorratu ditugu, sakoneko joerak identifikatuz: negatiboetan, ongizatea pribatizatzea, indarkeria dimentsio orotan, eta krisi ekologiko geldiezina. Positiboetan, feminismoaren hegemonia soziala; emakumeen auto-antolaketa eta askotariko konfluentzietarako gaitasuna; ekonomia, gobernantza, politika eta beste hainbat arlo feminismotik eraldatzea xede duten alternatibak, lurraldeetan errotuta.
Hortik abiatuta, 2023. urteak emakumeongan eta jendarte feminista eraikitzeko bidean izandako inpaktua laburbildu dugu. Zenbait atzerapauso identifikatu ditugu, hala nola, jendartearen, eta modu nabarmenagoan, emakumeon bizi baldintzak okertzea, bizitza garestitzearen ondorioak eta eliteen eta inpugnatutako sektoreen erreakzioa (indarkeria, eskuinaren diskurtsoak...). Haatik, badira aurreranzkoak ere: konfluentziak indartu dira, herri eztabaidak zabalduz eta sektore ezberdinak artikulatuz; eta euskal feminismoak erantzuteko eta eragiteko gaitasuna erakutsi du, Euskal Herriko lehen Greba Feminista Orokorra eginez.
Talaia Feministak eragitea ere badu helburu, eta asmo horrekin ondu ditugu gomendioak. Jendarteari zuzendutakoetan, Euskal Herrian dagoen antolaketarako eta erantzun feministarako gaitasuna balioetsi beharra azpimarratu dugu. Haatik, Euskal Herria arazo globaletatik salbu ez dagoela jabetzea ere beharrezko irizten dugu, erantzuleak dituen askotariko eskubideen aurkako biolentzia kolektiboa bizi baitugu. Denarekin, ekitera eta erantzukizunak exijitzera dei egin dugu, denontzako Euskal Herri bizigarri bat eraikitzeko, erakunde publikoek interpelatuz, pribatizazioa geraraziz, egunerokotik eraginez, urgentzien aurrean antolatuz...
Erakunde publikoentzako gomendioetan, salatzekoak (urgentzia eta eskubide kolektiboen ezeztatzea, eragileak eta erantzuleak, eta emakumeok bizitzari eustea) eta ospatzekoak (feminismo indartsua, agendan, zuriketa moreei eta erreakzio ultrakontserbadoreei aurka egiteko gaitasuna duena) bildu ditugu. Baita, halaber, eskaerak ere: eskubide kolektiboak bermatzeko (eros ahalmena, zerbitzu publikoak, zaintza sistema publiko-komunitarioa...) berehalako neurriak hartzea, eragile sozialei entzunez; indarkeria matxistaren aurrean, protokolo eta politika integralak; euskararako eskubidea bermatzeko erantzukizuna; eta herrialdearen eta lurraldeen arteko erantzunkidetasun ikuspegia eraikitzea.
Eragile sozialei zuzendutakoetan, begirada berriak behar direla azaldu dugu. Besteren artean, egungo egoera eskubide kolektiboen ezeztatze eta urgentzia klabeetan izendatuz, sistemak ahanzturara kondenatutako dimentsioei arreta jarriz; krisi ekologikoa eta eskuin muturra hemen dagoela jabetuz, eta horien aurrean erantzun integral eta aliantzak bultzatuz. Hala, antolakuntza eta aldarrikapenerako gakoak markatu ditugu: Euskal Herri burujaberanzko trantsizioa feminismoz betetzea; ezberdinkeriak borrokatzeko konfluentzia espazioak sortzea; bizitza duinak izateko baldintzak defendatzea; desmerkantilizazioa, desfamiliarizazioa eta publiko-komunitarioa bultzatzea; eta bide berrietarako kontzeptu eta proposamenez hausnartzea eta horiek garatzea.
Euren buruak berrikusteko deia gizonei
Azkenik, gizonei ere egin diegu dei berezia: batetik, ardurak hartzeko eta euren buruak berrikusteko eskatu diegu, indarkeriaren eguneroko berreraikuntzan duten paperari eta zaintzetan erantzukizunik ez hartzeari arreta jarriz. Bestetik, prozesu feministetan orain arte jokatu duten paper ahula berrikusteko ere eskatu diegu, Greba Feminista Orokorra adibide gisa aipatuz.
Guztiarekin, itxi dugu Talaia Feministaren lehen dosierra. Haren ekoizpena hainbat hilabetetako prozesu kolektiboa izan da: talde sustatzaileak egin du edukiak osatzeko lan mardulena. Ondoren, otsailaren 17an Talaia Feminista Unea egin genuen hainbat eremutako 170 emakume feminista eta subiranistak Orereta/Errenterian. Ariketa kolektibo zabal horrek emandakoarekin osatu ditugu behin betiko dosierra, ondorioak eta gomendioak. Prozesua borobildu dugu beraz, baina txostena ez doa tiraderara; aurkara, aipaturiko gomendio horiekin euskal jendartearengan, erakundeengan eta eragile sozialengan eragin nahi dugu, trantsizio feministaren norabidean. Halaber, dagoeneko jarri gara hurrengo Talaia Feminista dosierra prestatzera begira, 2024. urteko koiuntura landu eta Euskal Herriko trantsizio feminista gogoetaz elikatzeko.