top of page

Otsailaren 1ean Bilbon egingo dute Talaia Feminista Unea ariketa kolektiboa, 2024ko dosierra lantzeko. Indarkeria areagotu den urteko koiuntura lantzeaz gain, berdintasun politika eta egitura publikoak, eta osasun mentala ere jorratuko dituzte.

​

Talaia Feministak ondorioztatu du 2024. urtean biolentziak areagotu zirela, indarkeria esplizitu eta sinbolikorako forma berriak erabiliz.

​

​

​

​

​

​

​

​

 

 

 

 

​

​

Talaia Feministako talde sustatzaileak osatu du 2024. urtea aztertu duen dosierra. Bertako eduki zenbait eman ditu ezagutzera gaur, urtarrilak 20, Bilboko Louise Michel Liburuak-en egindako aurkezpenean. Besteak beste, iragandakoa askotariko indarkeriak areagotu diren urtea izan dela ondorioztatu du. Haatik, horien aurreko erresistentziak eta ortzi-muga berrietarako aukerak ere identifikatu ditu. Koiunturaren azterketa horretan sakontzeko aukera izango du Euskal Herriko emakume feminista eta subiranista orok otsailaren 1ean Bilbon, EHUren Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean egingo duten Talaia Feminista Unean (fakultatearekin elkarlanean). Halaber, aurreratu dituzte bertan landuko dituzten beste bi gairi, alegia, berdintasun politika eta egitura publikoen egoera Euskal Herrian, eta osasun mentalari buruzko galdera nagusiak ere.

photo_2025-01-23_16-53-19.jpg

“Talaia Feministak aurrera jarraitzen du. Berri pozgarria, Euskal Herri feminista amesten eta lortze aldera lanean ari garen komunitate honetako kide sentitzen garen emakume* independentista edo/eta subiranistontzat”, adierazi du Iolanda Jubeto talde sustatzaileko kideak. Talaia Feministak urte bakoitzean gertatutakoari feminismotik begiratzen dio, “Euskal Herriaren eraldaketa feministaren bidean, aurrera edo atzera goazen baloratzeko”. 2023ko dosierra izan zen lehena, eta gaur aurkeztu dute bigarrena, 2024koa. Bertako gai batean sakondu dute Begoña Zabala eta Amaia P. Orozkok aurkezpenean, urteko koiunturaren azterketan, hain zuzen ere. Honako hau nabarmendu dute: “Egiaztatu dugu indarkeria sistemikoa berrantolatu egin dela, modu esplizitu eta lotsagabeenetara joz, eta indarkeria inplizitu eta sinboliko mota berriak erabiliz”.


Lau ardatzi erreparatu diote: indarkeria matxistari, lurraldeari, gerra eta gatazka armatuei, eta eskuin muturrari. Indarkeria matxistari dagokionez, haren aurkako borroka instituzionalizatzen ari dela adierazi dute -ondorio positibo zein negatiboekin-. Halaber, azpimarratu dute mugimendu feministak inoiz ez bezalako mobilizazio gaitasuna duela, subjektu plurala eta intersekzionala definituz, eta antolaketa-modu berrietara irekiz. Ordea, baditu erronkak parez pare, hala nola sare sozialen erabilera, inpunitatea indartzea, edota segurtasun ezaren sentsazioa areagotzea. Ortzi-mugara begira, erronka hauek markatu dituzte, besteren artean: indarkeriaren kontzeptua
konplexuago bihurtzea, eta intersekzionalitatean sakontzea.

​

Lurraldeari so egitean, azaldu dute 2024a nekazaritza sektorean egindako mobilizazioek markatu dutela. “Ezinegon sakona adierazten dute, baina kezkatzeko elementuak dituzte”. Kezkarako beste elementu bat ere mahaigaineratu dute: “Krisi ekologikoari aurre egiteko
modu bat finkatu da, megaproiektuetan oinarrituta demokratikoki erabaki ez dena eta lurraldeindarkeria gisa har daitekeena”. Aitzitik, erresistentziak antolatzen ere ari dira, agroekologiatik, ekofeminismotik, makroproiektuen aurkako mobilizazioetatik, eta energia kooperatiba eta komunitateak ugaltzetik. Aurrera begira, irekitako eztabaidei modu demokratiko eta planifikatuan heltzeko urgentzia identifikatu dute; baita, halaber, lurra, bizitza eta gorputzak uztartuko dituen burujabetza ekofeminista baten alde borrokatzea, eta  elikadurarako eskubide kolektiboaren aldarria ere.

​

Gerra eta gatazka armatua aztertzerakoan, gatazka armatuen hazkunde globala nabarmendu dute, baita, harekin batera, gastu militarra areagotzea, eta diskurtso militaristen normalizazioa ere. Testuinguru horretan, gogora ekarri dute gerrek eragindako nahitaezko migrazioak pertsona migratzaileen eskubideen murrizketa gogorreko testuinguru batean gertatzen direla, eta gerrak indarkeria matxista eta sexual larriaren agertoki direla. Horregatik, beharrezkotzat deritzote Euskal Herriko mobilizazio antimilitaristarako tradizioa eta aktibismo feminista berrartzea, batetik, erantzukizunak azalerazteko, eta gerren, patriarkatuaren, kapitalismoaren eta kolonialismoaren arteko lotura salatzeko; eta bestetik, feminismo internazionalista eta antimilitarista gorpuzteko.

 

Eskuin muturraren kasuan, Europan izandako aurrerapen orokortua ekarri dute gogora, hauteskundeetatik harago doana. Argi adierazi dute eskuin muturra bizitzaren prekarizatze prozesuek eragindako urritasun- eta beldur-sentsazio orokorrez elikatzen dela. Era berean, zenbait sektoretan feminismoaren aurkako erreakzio bat ere badela azpimarratu dute, eta eskuin mutur guztiek emakumea eta feminismoa modu instrumentalistetan erabiltzen dituztela. “Premiazkoa da onartzea eskuin muturra ekosistema gisa Euskal Herrian dagoela jada, baina badela oraindik arkitektura soziopolitiko bat, sistemari aurka egiteko sentimendua beste bide batzuetatik bideratzeko aukera ematen duena”, gehitu dute. Sare hori zaintzeak izugarrizko garrantzia duela diote, beharrezkoa dela bere izaera demokratikoan sakontzen jarraitzea, eta oinarrizko prekarietatearen aurrean eskubide horizonte bat sortzea.

 

Erresistentziei ere heldu die Talaiak, eta hiru ardatz bildu ditu: batetik, “zigorgabetasunaren salaketa, maila globalean eta egunerokoan; eta segurtasun ezaren tranpa sentsazioen mozorroa kentzea”. Bigarrenik, indarkeriaren politizazioa, haren ikusezintasuna hautsiz. Eta hirugarrenik, indarkeria erabiltzen duen sistemaren marko instituzionala gainditzeko horizonteak sortzea. Adierazi dute beharrezkoa dela erresistentziak indartzea eta metatzea, Euskal Herria, feminismoa eta haien genealogiak eta jakintzak ardatz izanik. Datorren larunbatean, urtarrilak 25, Iruñean izango den Emakumeen Mundu Martxaren topaketa aipatu dute eredu gisa, harako deia luzatuz: “Feminismo arduratsua da, aurkitzen dituen bidegurutzeei heltzeko gaitasuna duena”.

​

Berdintasun politikak, eta osasun mentala


Koiunturaren azterketa partekatu ostean, Kizkitza Gil de San Vicentek dosierreko beste bi gaiei egin die aipamena. Edukietan sakondu beharrean, otsailaren 1eko Talaia Unean landuko dituzten galderak aurreratu ditu. Berdintasun politika eta egitura publikoei lotuta, honako hauek: “Mende erdi labur batean, emakumeon eskubideak formalki aitortu dira, diskriminazioak eta arrakalak arintzeko tresnak ezarri dira, eta berdintasuneko politika publikoak egituratu dira neurri batean. Nolakoa izan da prozesu hori Euskal Herrian? Nola irakurtzen du feminismoak? Zein muga eta zein itsasargi antzeman dira politika horien garapenean? Parte-hartzaileak dira? Zer behar dute politika eta egitura publiko horiek eraginkorrak eta eraldatzaileak izateko?”.


Osasun mentalaz aritzean, berriz, hauek mahaigaineratu ditu: “Datuek diotenez, jendarte gisa, arazo larria dugu osasun mentalaren inguruan. Baina soluzioak ez duela funtzionatzen ere esaten digute: gero eta diagnostiko eta sendagai gehiago daude, baina diagnostikoek gora egiten jarraitzen dute. Osasun mentala modu egokian ikusarazten ari al da? Zeintzuk dira sufrimenduaren atzean dauden faktoreak? Nola politizatu eta ikertu dezakegu haren jatorri soziala? Zer bide ditugu edo sortu nahi ditugu sufrimendu mentalari modu kolektiboan heltzeko?”.


Beraz, edukiak prest dira, edukia irakurgai dago jadanik www.talaiafeminista.eus webgunean, eta otsailaren 1eko Talaia Unerako izen-ematea zabalik. Haren ostean, dibulgazio eta interpelazio lanari ekingo diote talde sustatzaileko kideek hurrengo hilabeteetan. “Argi dugu urtearen azterketa feminista zorrotz bat egitea bezain garrantzitsua dela haren sozializazioa. Izan ere, ikuspegi komunak eraikitzeko eta eragiteko tresna ere bada Talaia Feminista, Euskal Herriaren trantsizio feministan akuilu izan nahi duena”. Azken finean, koiunturaren analisian eta jorratu dituzten gai berezituetan ere Euskal Herriaren analisi feministan sakondu nahi dute, eta eraldaketan ezinbestekoa den ortzi-muga feminista edukiz bete.

bottom of page