top of page

Talaia Feminista dosierra aurkeztu dute, begirada feminista eta subiranistatik egindako 2023. urtearen azterketa (2024-01-31)

 

Behin-behineko dosierra aurkeztu dute, 2023. urteak Euskal Herriko trantsizio feministan eta emakumeengan izandako eragina aztertuz. Otsailaren 17an itxiko dute, Orereta/Errenteriako Talaia Feminista Unean.

Talaia Feminista 2023. urteko behin-behineko dosierra aurkeztu dute talde sustatzaileko kideek Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. 2023ko sei gertakari nagusi hartu dituzte abiapuntu, eta horietan oinarritutako sei ardatz ditu dosierrak. Horietan jasotakoak emakumeengan izandako eragina aztertu dute, baita euskal estatu feministaranzko trantsizioan izandakoa ere. Behin-behineko dosierra irakurgai dago www.talaiafeminista.eus atarian. Otsailaren 17a izango da behin betiko dosierra osatzeko mugarri nagusia: Talaia Feminista Unea ariketa kolektibo zabala egingo dute Orereta/Errenteria Lekuonan. Euskal Herriko emakume feminista eta subiranista oro gonbidatu dute; webgunean eman behar da izena, otsailaren 13a baino lehen.


Aurkezpena hedabide eta eragileen aurrean egin dute. Talaia Feminista zer den azaldu du lehenik Amaia Andrieu talde sustatzaileko kideak: "Emakume feminista, subiranista eta independentistak gara; jatorri, eremu eta borroka politiko ezberdinetakoak. Ez gara elkarte feminista bat, baina feminismotik eta ezkerretik eragin nahi dugu. Euskal prozesu subiranistaren parte sentitzen gara, eta Euskal Herri feminista bat eraikitzeko konpromisoak gidatzen gaitu". 2022ko abenduan Iruñean jarritako mugarria ekarri du gogora: "Euskal Herriaren koiuntura eta trantsizio feminista aztertzeko urteroko dosier bat egiteko konpromisoa hartu genuen". Horretan aritu da talde sustatzailea azken hilabeteetan.

Talaiaren izaera plurala nabarmendu du Andrieuk: "Parte hartu dugun guztiok ez dugu nahitaez partekatzen dosierrean agertzen den guztia. Desadostasunei eta eztabaida eraikitzaileari lekua egiten die". Ordea, filosofia kolektibo, holistiko eta eraldatzaileak batzen ditu: "Kolektiboki aztertu nahi ditugu inguratzen gaituzten, eragiten diguten eta moldatzen gaituzten gertaerak". Argi dute gertaera horiek elkar gurutzatzen direla: "Etengabeko eraldaketan dagoen mundu hau poliedro konplexu bat da, aurpegi eta ertz askotarikoa, eta horiek elkarrekin estekatuta osotasun bat osatzen dute, sistema bat". Sistema horren eraldaketan ekarpena egin nahi du Talaiak, errotiko aldaketa feministaren ideiak jendarteratuz: "Zentzu eraldatzailea ematen diogu: ez dugu hitz egitera edo teorizatzera mugatu nahi; aitzitik, espazio baliagarri bat izan nahi dugu ikuspegi kritiko partekatu bat lantzeko, aliantzak eta subjektu politikoak sortzeko".

Unetik hedapenera

Maider Barañanok dosierraren nondik norako nagusiak azaldu ditu: "Sei gertakari nagusi aztertu ditugu: eguraldia eta krisi ekologikoa; azaroaren 30eko greba feminista; bizitza garestitzea; euskararen aurkako oldarraldia; Rubiales, Mario Lopez, PPDA eta indarkeria matxista; eta abayaren debekua". Gai horiek zergatik aukeratu dituzten ere adierazi du: "Patriarkatuaren hainbat dimentsio (lana, indarkeria, estatua, esfera soziala, ekosistema) loturan jartzeko eta Euskal Herriaren koiuntura analisi feminista bat egiteko bideak irekitzen dizkigute". Haren hitzetan, dimentsio horien arteko loturan dago menderakuntzaren gakoa.
 

Ardatz horietako azterketek ondorio eta irakurketa komun baterako oinarri argia dute. Hain justu, zeregin horri helduko diote orain, Idoia Zengotitabengoak iragarri duenez: "Otsailaren 17an, Orereta/Errenteriako Lekuona fabrikan Talaia Feminista Unea egingo dugu, 9:00etatik 14:00etara. Euskal Herriko ehunka emakume feminista eta subiranista batuko gara". Aurreratu dutenez, dosierraren azalpen orokorra, ardatz bakoitzeko lantaldeetako hausnarketak, eta ondorioak jorratzeko plenarioa egingo dituzte. "Edukietan sakontzeko ez ezik, elkartzeko eta harremanak indartzeko momentua ere izango da". 

Baina otsailaren 17an ez da ezer bukatuko; behin betiko dosierra osatu ostean, hura zabaltzeari ekingo diote, eragile sozial, sindikal eta politikoekin partekatzeko eta haien agendetan esku hartzeko. "Eraldaketa feministarako, politika publikoetan esku hartu behar dugu, komunitatean, hedabideetan, merkatuetan, jendearen sen onean, agenda politiko, sozial eta sindikaletan...". Badator, beraz, Talaia Feminista, indartsu eta luzerako.

 

Talaia Feministaren talde sustatzaileko kideak


Jone Etxeberria, Idoia Zengotitabengoa, Begoña Zabala, Maddi Isasi Azkarraga, Ainhoa Astigarraga, Ainhoa Etxaide, Ekhiñe Petriati, Ainhoa Olaso, Elene Lopetegi, Edurne Benito del Valle, Lorea Agirre, Ainara Ruiz Benito, Oihana Lopategi, Mirene Begiristain, Jule Goikoetxea, Maider Barañano, Diana Urrea, Yolanda Jubeto, Kizkitza Gil de San Vicente, Amaia Andrieu, Mila Amurrio, Lur Etxeberria, Alba Fatuarte, Amaia Perez Orozco, Lur Albizu, Iraitz Mateo, Oihana Etxebarrieta, Itziar Amunategi, Monika Plazaola, Itziar Lopategi, Maite Barreña, Ana Lizarralde, Patricia Perales, Zaloa Basabe eta Aiora Epelde Agirre.

bottom of page