
Euskal Herriko emakume feminista, subiranista eta independentistak gara; jatorri, eremu eta borroka politiko ezberdinetakoak. Euskal Herriko egoera aztertzen dugu, ikuspegi feministan oinarrituta. Urteko koiunturaren azterketa egiten dugu ikuspegi feministatik, eta Euskal Herria trantsizio feministan non kokatzen den aztertuz.
Ari gara jadanik Talaia Feminista 2024 dosierra osatzen. Aurten, koiuntura aztertzeaz gain, bi gai nagusi jorratuko ditugu: berdintasun politika eta egitura publikoak, eta osasun mentala. 2025eko otsailaren 1ean Bilbon (EHUren Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa fakultatea) egingo dugun Talaia Feminista Unean landuko ditugu edukiak.
Talaia Feminista proiektuak aurrera jarraitzen du. Berri pozgarria, Euskal Herri feminista amesten eta lortze aldera ari den komunitate honetako kide sentitzen garen emakume* independentsita edo/eta subiranistontzat.
Oraingo honetan, hiru ardatzetan jarri dugu arreta: (1) Koiuntura orokorraren analisi bat, salatzera garamatzana 2024an biolentziak areagotu egin direla, pluralean. (2) Berdintasun politika eta egitura publikoak, EHko lurraldeen artean garapen-maila oso desberdinak dituztenak, nahikoak eta eraldatzaileak ote diren hausnartzeko. Eta (3) zer gertatzen ari den osasun mentalarekin: Sufrimendua porrot sistemiko baten ispilua da? Nola aurre egin horri kolektiboki?
2023ko dosierra
Lehen dosierraren ekoizpena hainbat hilabetetako prozesu kolektiboa izan da: talde sustatzaileak egin du edukiak osatzeko lan mardulena. Ondoren, otsailaren 17an Talaia Feminista Unea egin dugu hainbat eremutako 170 emakume feminista eta subiranistak Orereta/Errenterian. Ariketa kolektibo zabal horrek emandakoarekin osatu dugu behin betiko dosierra.
Ondorio eta gomendioak
Talaia Feministak eragitea ere badu helburu, eta asmo horrekin ondu ditugu gomendioak. Euskal jendarteari, erakundeei eta eragile sozialei zuzendu dizkiegu, trantsizio feministaren norabidean eragiteko helburuz.
